Bidelaguna: Eskola Orduz Kanpoko Laguntza

BIDELAGUNA: Eskola-ordutegitik kanpoko laguntza programa Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago, baldin eta zailtasunak edo eskola-atzerapena badituzte gizarte-desabantailako egoerarekin lotuta.

BIDELAGUNA programaren helburua eskola-arrakastaren indizeak hobetzea da, eta horretarako:

  • Ikasleei, batez ere ingurune fisiko eta estimulu egokirik ez dutenei, laguntza eta bitartekoak ematea, denbora osagarri bat eman dezaten eskola-atzerapenari aurre egiteko edo hura prebenitzeko.
  • Ikasleen irakurketarako konpetentzia eta matematikarako konpetentzia indartzea. Astean gutxienez ordu bat emango da konpetentzia bakoitzeko.
  • Lanaren antolaketa hobetzeko eta ikasteko ohiturak hartzeko gakoak ematea.
  • Ikasleek beren gaitasunez dituzten itxaropenak eta ikastetxeak bere ikasleez dituenak hobetzea.
  • Familien eta ikastetxearen arteko harremana hobetzea.